Kategoriaren artxiboak: Euskal Selekzioa

Euskal Herria munduko mailarik gorenean sokatiran

Euskal Herriak ordiezkaritza ofiziala izan du Txinako Xuzhou herrian jokatu den Goma gaineko Munduko Sokatira Txapelketan: sei talde eta euskal selekzio bat aritu dira euskal banderapean. Emaitza, halakoa. Hamasei domina ekarri dituzte: urrezko bi, zilarrezko zazpi eta brontzezko zazpi.

Euskal Herriaren errekonozimenduaren bidean ekarpen oparoa ari da egiten sokatira, kirolean izaera nazionala erakutsiz. Izan ere, EHKF Euskal Herriko Herri Kirol Federazioa ofizialki eta eskubide osoz da TWIF Nazioarteko Sokatira Federazioko kide, TWIF elkarteak “pribatua” izanik 2014ean bozketaz horrela erabaki zuenez gero.

Oraingoan Euskal Herriko sei talde, selekzio bat, epaile bi eta bandera bat joan dira Txinara Munduko Txapelketan parte hartzen. Taldeak: BADAIOTZ (Gasteiz, Araba), BERRIOZAR (Nafarroa), GAZTEDI (Laukiz, Bizkaia), IBARRA (Gipuzkoa), SOKARRI (Arrigorriaga, Bizkaia) eta ZURAIDE (Lapurdi). Euskal Selekzioa, Basque Country izenarekin. Eta bandera, ikurriña.

Gaztedi taldeak eskuratu ditu urrezko bi dominak: emakumezkoen 500 eta 540 kilokoen mailan. Euskal Selekzioak zazpi domina ekarri ditu, hiru zilarrezkoak eta lau brontzezkoak. Eta azpimarratzeko, aurrera begira, 23 urtetik beherakoen artean lortutako lau zilarrezkoak.

Zorionak guztiei!

Kronikak

→ berria.eus: Indarra geroari begira
→ naiz.eus: Mundiala ongi agurtzeko beste hiru domina
→ deia.com: Euskadi cierra el Mundial de sokatira con 16 medallas

Bideoak

→ eitb.eus: 6 taldek ordezkatuko dute Euskal Herria Txinan
→ eitb.eus: Gaztedik, urrezko domina, Emakumeen Egunean
→ eitb.eus: Gaztediren urrea beste ikuspuntu batetik ikusita
→ eitb.eus: Egun ahaztezina
→ eitb.eus: Podium historikoa Txinan
→ eitb.eus: Lau domina Euskal Herriarentzat
→ eitb.eus: Hiru domina gehiago, Euskal Herriko selekzioarentzat
→ eitb.eus: Gonzalez de Matauco, amatasunagatik kirola utzi ostean 3 domina jantzi ditu

Euskal Selekzioa vs. Txekia: nazioa, futbola eta oroimena.

→ Sarrerak erosteko HEMEN

Larunbat honetan, azaroak 25, jokatuko du emakumezko futbol saileko Euskal Selekzioak Txekiako Selekzioaren aurkako partida Ipuruan (Eibar). Euskadiko Futbol Federakundeak (EFF) gaur bertan eman du ezagutzera partidarako Iñigo Juaristi hautatzaileak deitu dituen jokalarien zerrenda

Euskal Selekzioaren urrats hau aprobetxatu egingo da 1937an ‘Euzkadi’ izenarekin mundu mailan ibili zen selekzioa gogoratu eta Euskal Selekzioaz hausnartzeko ere.

Orain 80 urte, 36ko Gerraren testuinguruan, Euskal Selekzioak Europan eta Ameriketan hainbat partidu esanguratsu jokatu zuen, arrakasta itzelaz, bai kirol emaitzetan zein maila sozial eta politikoan ere. Txekoslovakiako selekzio nazionalaren aurka ere jokatu zuen orduan, eta emaitza 2-1 izan zen, Txekoslovakiako taldearen alde.

Euskal Selekzioari buruzko mahai-ingurua

Programa zabala antolatu da Eibarren partidaren inguruan, “80 urte mundura” lelopean. Eta horren barruan, azpimagarria, Euskal Selekzioari buruzko mahai-ingurua. Ostiralean egingo da, partidaren bezperan, 19:00etan, Eibarko Armeria Eskolan. Bertan izango dira Joseba Urkiola kazetaria, Jose Angel Iribar jokalari historikoa,1937ko selekzioan aritutako futbolarien senitartekoak, gizonezkoen Euskal Selekzioaren futbolari bat, zein Iraia Iturregi eta Aintzane Encinas, biak jokalari ohiak eta Juaristi hautatzailearen laguntzaileak.

Euskal Selekzioaren ibilbidearen gaineko hausnarketa beraz, Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak partidaren aurkezpenean adierazi bezala, “askatasunaren ikur bat bilakatuta” aritu zen selekzio haren erreferentzia hartuta.

Giroa izango dugu, zalantzarik ez, Euskal Herriaren askatasunaren aldarria eta defentsaren ikur ahaztezin haren oroimena bizirik dagoelako oraingo Euskal Selekzioan, beti ere, aurrera begiratzeko asmoarekin.