Kategoriaren artxiboak: EH Futbol Txapelketa

Euskal Herriko Futbol Txapelketa

[berria.eus] Sasoi honetan ere jokatuko da


Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS (Berria)

→ berria.eus: Sasoi honetan ere jokatuko da

Sasoi honetan ere jokatuko da

2017-08-29 / Ainara Arratibel Gascon

Futbol denboraldia abian den arren, herenegun jokatu zen 2016-2017ko sasoiari zegokion Euskal Herria Kirolak antolatutako Euskal Herria Txapelketako bigarren finala, emakumezkoena. Atsedenik ia hartu gabe, erakunde horretako kideak hasi dira hurrengoan pentsatzen. Izan ere, nahiz eta hainbat gorabehera izan, uste dute txapelketak euskal lehiaketa esparrua «bultzatzeko eta gizarteratzeko» balio izan duela: «Gure erakundea lehiaketa esparru hori sustatzeko sortu zen, besteak besteak, eta bai esparrua bai elkartea indartuta atera gara», nabarmendu du Kike Zurutuzak, Euskal Herria Kirolako ordezkariak.

Hala, eskertuta mintzatu da. «Txapelketa antolatu ahal izan da zaleen, erakundeen, gizarte eragileen eta kluben elkarlanari esker, eta hori indargune handi bat da». Hori aprobetxatuz, egitasmoa sendotzen jarraitu nahi dute denboraldi honetan ere, eta Zurutuzak berretsi egin du berriro antolatuko dutela: «Erakunde eta eragileekin elkarlanean jarraitu nahi dugu, eta haien aldetik ere borondate hori ikusten dugu».

Lehiaketa esparru hori indartzearen garrantziaz ohartarazi du Zurutuzak:«Gabonetako partidan gertatutakoaren ondoren, urtea ez da ona izan euskal selekzioaren ofizialtasunarentzat. Baina argi dago nazioartean toki bat izango duela euskal lehiaketa esparrua sendotuz doan heinean. Esparru hori kalitatez, egituraz eta ekintzaz sendotu behar dugu, eta gu horretan ari gara».

Helburu horri lotuta ikusten dute txapelketa. Emakumeen finalean, igandean, Athletic 3-0 gailendu zitzaion Realari. Garazik, Nekanek eta Erikak sartu zituzten zuri-gorrien golak. Emakumeen kasuan, zazpigarren aldiz jokatu da txapelketa, eta Zurutuzak azaldu du «guztiz errotua» dagoela. «Oso pozik gaude. 600 bat ikusle bildu ziren, eta giro paregabea egon zen Mintxetan. Partida, gainera, lehen zatian oso lehiatua izan zen; behintzat, Athleticek bigarren gola sartu zuen arte. Bigarren zatian ere bi taldeek maila polita eman zuten, nahiz eta tentsioa pixka bat gutxitu». Sasoi honetan, gainera, talde gehiagok parte hartzea nahi dute —aurrekoan sei izan ziren—.

Gizonezkoen kasuan, lehen aldiz jokatu zen txapelketa. Zapore «gazi-gozoa» utzi zien hilaren 12an jokatu zen Athleticen eta Alavesen arteko finalak. «Guretzat garrantzitsua zen estreinakoz egitea, eta egite hutsa aurrerapauso bat da. Orain gutxi arte kosta egiten zitzaigun halako zerbait antolatu ahal izango genuela sinestea, eta horrekin geratzen gara. Izan ere, zaleak konturatu dira zerbait polita antola daitekeela».

Baina bi gertaerek zapuztu zuten antolatzaileen poza. Batetik, finala amaitzeko bi minutu falta zirela, Palencia Caballero epaileak bertan behera utzi zuen norgehiagoka, bi taldeek gogorregi jokatzen ari zirela argudiatuta. Bestetik, Alaveseko zaleekin ere gorabeherak izan zituzten, zelaian pankartak eta danborrak sartzea debekatu zietelako.

Bi gertaera horien inguruan mintzatu da Zurutuza. Aste batzuk pasatu diren arren, oraindik ere «sinestezina» egiten zaie epaileak hartutako erabakia. «Hasieratik nabari zen lagunarteko partida batean baino tentsio handiagoa zegoela. Baina zentzugabea eta astakeria bat izan zen bi minutu falta zirela bertan behera uztea. Tristuraz eta inpotentziaz bizi izan genuen gertatutakoa». Saiatu ziren harekin hitz egiten, baina bere horretan jarraitu zuen. «Proposatu genion partida amaitutzat ematea, eta berdinketa zegoenez penaltiak botatzea, gutxienez kopa emateko. Ez genuen txapelketa garailerik gabe utzi nahi. Are gehiago jokatzen zen lehen aldia izanda».

Proposamen horrekin ez zuten «inolaz ere» epailearen autoritatea auzitan jarri nahi: «Alderantziz. Argi esan genion erabil zezala autoritate hori ezartzeko zituen tresnak, eta gerora ere aktaren bidez izango duela horretarako aukera. Ez zuen atzera egin, ordea».

Alaveseko Iraultza taldeko zaleekin izandako gorabeheren inguruan, Zurutuzak berretsi du danborrak eta pankartak ez sartzen uzteko erabakia ez zela beraiena izan. «Segurtasun neurriak direla eta, halako objektuak zelaian sartzearen inguruan dagoen araudia gero eta zorrotzagoa da. Gainera, gu ez gara gai horietan adituak. Hori dela eta, segurtasun enpresa baten esku utzi genuen. Erabakia haiena izan zen».

Alaveseko zaleek partida hasteko ordu laurden falta zela deitu zieten, objektu horiek zelaira sartu nahi zituztela esanez. «Guk ikusi genuen eskatzen zigutena ez zela beste munduko ezer, eta saiatu ginen enpresarekin hitz egiten. Baina ezetz esan ziguten, eta, ardura haiena izanda, ezin genuen ezer egin». Hurrengo urterako gauzak aldatzea nahi dute. «Zaleak oso haserre zeuden, eta zelaira ez sartzea erabaki zuten. Guretzat oso mingarria izan zen, eta konpondu egin nahi dugu».

Gehiago nahi dute

3.000 zale inguru bildu ziren guztira Lasesarren.«Zale gehiago biltzea nahi genuen. Baina, lehen aldia izateko, kopurua ondo dago. Zale askok ez zuten txapelketa ezagutzen, eta uste zuten lagunarteko partida bat zela. Indarra hartuz joango da».

Sasoi honetan «pena» ematen die Osasuna txapelketan ez egoteak. «Bigarren Mailan euskal talde gehiago egongo balira, formatua aldatzea aztertuko genuke. Izan ere, derbietako emaitzen arabera erabakitzen dira finalistak. Baina, bakarra egonda, oraingoz horrela utziko dugu». Ez du baztertu etorkizunean formatua bera aldatzea: «Emakumeena eta gizonena modu diferentean jokatzen dira, eta ikusi beharko dugu zer egin».

Txapeldunik ez, Euskal Herriko I. Futbol Txapelketaren finalean


Argazkia: Marisol Ramirez / ARP (Berria)

→ berria.eus: Eman gabe geratu da kopa

ATHLETIC 2 ALAVES 2
Eman gabe geratu da kopa
Athletic eta Alaves gogor aritu dira Euskal Herriko Txapelketako finalean, eta epaileak bertan behera utzi du partida neurketa amaitzeko bi minutu falta zirela, emaitza binakoa zela

2017-08-13 / Gorka Intxausti Aranguren

Athletic. Kepa;Saborit, Laporte, Boveda, Lekue; Cordoba, Vesga, San Jose, Susaeta; Raul Garcia, Williams. Herrerin, Aduriz, Mikel Rico, De Marcos, Etxeit, Sabin Merino eta Muniain bigarren zatian zelairatu ziren..

Alaves. Pacheco; Hector, Rodrigo Ely, Alexis, Vigaray; Ibai Gomez, Manu Garcia, Wakaso, Burgui; Santos, Ruben Sobrino. Maripan, Tomas Pina, Pedraza, Dieguez, Romero eta Dani Torres sartu ziren bigarren zatian.

Golak. 1-0.Vesgak (42. min.); 1-1. Ibai Gomezek (51. min.), 1-2. Adurizek (55. min.). 2-2. Santosek (86. min.)

Epailea. Daniel Palencia Caballero. Txartel horiak: Athleticeko Raul Garcia (10. min.) eta Etxeita (77. min.); eta Alaveseko Wakaso (35. min.), Maripan (59. min.) Txartel gorriak: Alaveseko Alexis (69. min.) eta Romero ()

Bestelakoak. 3.000 ikusle inguru Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian.

Ez zen lagunarteko bat. Euskal Herriko Txapelketako finala zen, eta, harrigarria dirudien arren, ez zuen irabazlerik izan. Epaileak ez zuen neurria eman, eta partida bertan behera utzi zuen bi minutu besterik falta ez zela, bi taldeak gogorregi aritu zirela argudiatuta.

Hasieratik argi utzi zuen Luis Zubeldia Alaveseko entrenatzaileak partida final bat zela, eta ligan jokatuko duen hamaikakoa jarri zuen zelaian. Athleticek, aldiz, Europa ligako partida jokatuko du ostegunean, eta Kuko Zigandak ez zuen hamaikako titularra zelairatu.

Partida oso lehiatua izan zen, hasieratik. Horren erakusgarri Raul Garciak hamargarren minutuan ikusitako txartel horia. Ildo beretik jarraitu zuen lehen zatiak. Falta asko egin zituzten bi taldeek, eta oso bizi jokatu. Athletic hobeto hasi zen, baina Alavesek berehala hartu zion neurria Bilboko taldeari. Partidako lehen gola 42. minutuan heldu zen. Pachecok ezin izan zuen gelditu Mikel Vesgak urrutitik egindako jaurtiketa. 1-0ekoa atsedenaldian.

Bigarren zatian, partida aldatu egin zen. Aldatu eta gogortu. Hasi eta berehala, penaltia izan zen Alavesen alde. Ibai Gomezen falta jaurtiketak Adurizen eskuan jo zuen area barruan. Ibai Gomezek berak jaurti zuen penaltia, eta Herrerinek gelditu zuen arren, aldaratzean sartu zuen gola Athleticeko jokalari ohiak. Ez zen denbora asko igaro zuri-gorriek berriz aurrea hartu zuten arte. Jokaldi bikaina egin zuten Muniainek eta Lekuek, eta Adurizek buruz sartu zuen gola.

69. minutuan aldrebestu zen partida. Txartel gorria ikusi zuen Alexis Ruanok, eta epaileak jokoa gelditu zuen jokalariei lasaitasuna eskatzeko, kalera bota zuen jokalariak masailetatik heldu ziolako, mespretxuz. Partidaren bukaera oso nahasia izan zen. Penaltiz sartu zuen berdinketaren gola Alavesek; Santosek sartu zuen. Azken liskarra Romerok Saboriti egin zion sarrera gogor batek eragin zuen. Bi taldeetako jokalariak sartu ziren liskarrean, eta epaileak partida bukatzea erabaki zuen.

Bestalde, Euskal Herri mailako hurrengo finala Euskal Herria kopakoa izango da. Abuztuaren 27an jokatuko da, Elgoibarko Mintxeta zelaian (12:00). Athletic eta Reala ariko dira.

→ naiz.eus: El trío arbitral abandona el campo cuando Athletic y Alavés empataban a dos goles

EUSKAL HERRIKO 1 GIZONEZKOEN FUTBOL TXAPELKETA ETA EMAKUMEZKOEN VII KOPA

emakumezkoen VII Eh-kopa
emakumezkoen VII Eh-kopa

Durango Platertuena kafe antzokian aurkeztu zuen EH Kirolak gizonezkoen 1 futbol txapelketa eta VII emakunezkoen kopa, jona den urtarrillaren 11ean.

Maila goreneko aurkezpena hau Arritxu Iribar eta Xabier Usabiaga Kazetaria ospetsuak gidatu zuten, eta bertan izan ziren Aintzane Encinas Realeko kapitaina, Iraia Iturregi Athletic-ekoa eta Anne Mugartza Oiartungoa, emakumezkoen txapela aurkeztem.Gizonezkoena  Mikel Etxarri Euskal Selekzioko entrenatzaileak, Jose Angel iribar entrenatzaile ohiak, Iñaxio Kortabarria Realekeko erreferentea, Koikili Athletic-ekoa, Gurrutxaga Eibarkoak egin zuten. Josu Sarriegi Alavesekoak eta Patxi irigibel Osasunakoakezin izan bazuten bertan izan ere, bere atxikimendua adierazi zuten.

Han izan ziren beste kiroletako txapeldun haundiak.

https://twitter.com/ehkirola?lang=ca