Etiketaren artxiboak: Euskal Herriko I. Txapelketa

Txapeldunik ez, Euskal Herriko I. Futbol Txapelketaren finalean


Argazkia: Marisol Ramirez / ARP (Berria)

→ berria.eus: Eman gabe geratu da kopa

ATHLETIC 2 ALAVES 2
Eman gabe geratu da kopa
Athletic eta Alaves gogor aritu dira Euskal Herriko Txapelketako finalean, eta epaileak bertan behera utzi du partida neurketa amaitzeko bi minutu falta zirela, emaitza binakoa zela

2017-08-13 / Gorka Intxausti Aranguren

Athletic. Kepa;Saborit, Laporte, Boveda, Lekue; Cordoba, Vesga, San Jose, Susaeta; Raul Garcia, Williams. Herrerin, Aduriz, Mikel Rico, De Marcos, Etxeit, Sabin Merino eta Muniain bigarren zatian zelairatu ziren..

Alaves. Pacheco; Hector, Rodrigo Ely, Alexis, Vigaray; Ibai Gomez, Manu Garcia, Wakaso, Burgui; Santos, Ruben Sobrino. Maripan, Tomas Pina, Pedraza, Dieguez, Romero eta Dani Torres sartu ziren bigarren zatian.

Golak. 1-0.Vesgak (42. min.); 1-1. Ibai Gomezek (51. min.), 1-2. Adurizek (55. min.). 2-2. Santosek (86. min.)

Epailea. Daniel Palencia Caballero. Txartel horiak: Athleticeko Raul Garcia (10. min.) eta Etxeita (77. min.); eta Alaveseko Wakaso (35. min.), Maripan (59. min.) Txartel gorriak: Alaveseko Alexis (69. min.) eta Romero ()

Bestelakoak. 3.000 ikusle inguru Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian.

Ez zen lagunarteko bat. Euskal Herriko Txapelketako finala zen, eta, harrigarria dirudien arren, ez zuen irabazlerik izan. Epaileak ez zuen neurria eman, eta partida bertan behera utzi zuen bi minutu besterik falta ez zela, bi taldeak gogorregi aritu zirela argudiatuta.

Hasieratik argi utzi zuen Luis Zubeldia Alaveseko entrenatzaileak partida final bat zela, eta ligan jokatuko duen hamaikakoa jarri zuen zelaian. Athleticek, aldiz, Europa ligako partida jokatuko du ostegunean, eta Kuko Zigandak ez zuen hamaikako titularra zelairatu.

Partida oso lehiatua izan zen, hasieratik. Horren erakusgarri Raul Garciak hamargarren minutuan ikusitako txartel horia. Ildo beretik jarraitu zuen lehen zatiak. Falta asko egin zituzten bi taldeek, eta oso bizi jokatu. Athletic hobeto hasi zen, baina Alavesek berehala hartu zion neurria Bilboko taldeari. Partidako lehen gola 42. minutuan heldu zen. Pachecok ezin izan zuen gelditu Mikel Vesgak urrutitik egindako jaurtiketa. 1-0ekoa atsedenaldian.

Bigarren zatian, partida aldatu egin zen. Aldatu eta gogortu. Hasi eta berehala, penaltia izan zen Alavesen alde. Ibai Gomezen falta jaurtiketak Adurizen eskuan jo zuen area barruan. Ibai Gomezek berak jaurti zuen penaltia, eta Herrerinek gelditu zuen arren, aldaratzean sartu zuen gola Athleticeko jokalari ohiak. Ez zen denbora asko igaro zuri-gorriek berriz aurrea hartu zuten arte. Jokaldi bikaina egin zuten Muniainek eta Lekuek, eta Adurizek buruz sartu zuen gola.

69. minutuan aldrebestu zen partida. Txartel gorria ikusi zuen Alexis Ruanok, eta epaileak jokoa gelditu zuen jokalariei lasaitasuna eskatzeko, kalera bota zuen jokalariak masailetatik heldu ziolako, mespretxuz. Partidaren bukaera oso nahasia izan zen. Penaltiz sartu zuen berdinketaren gola Alavesek; Santosek sartu zuen. Azken liskarra Romerok Saboriti egin zion sarrera gogor batek eragin zuen. Bi taldeetako jokalariak sartu ziren liskarrean, eta epaileak partida bukatzea erabaki zuen.

Bestalde, Euskal Herri mailako hurrengo finala Euskal Herria kopakoa izango da. Abuztuaren 27an jokatuko da, Elgoibarko Mintxeta zelaian (12:00). Athletic eta Reala ariko dira.

→ naiz.eus: El trío arbitral abandona el campo cuando Athletic y Alavés empataban a dos goles

Hiriak iragarkiz betetzen

IMG-20170728-WA0000

Geroz eta gutxiago gelditzen da Euskal Herriko gizonezkoen Lehen Txapelketako finala jokatzeko. Abuztuaren 12a bertan dago eta horrela adierazten digute gure hirietan aurki ditzakegun iragarkiek.

Bi taldeak buru belarri ari dira prestatzen denboraldi berria. Athletic-ek Europa Ligako kanporaketa dauka esku artean. Bucarest-en banakako berdinketarekin amaitu eta gero, San Mamesen erabakiko da hurrengo faserako txartela. Alavesek berriz, lagun arteko mordoxka bat jokatu ditu eta oraindik ere jokatuko ditu, Valentzia inguruan egingo duen stageaz gain. Beraz, Euskal Herriko gizonezkoen lehen txapela irabaztera sasoiko agertuko dira bi taldeak Lasesarrera. Partidaren araudia itxita dago dagoeneko, eta partida berdinketarekin amaituko balitz adibidez, penaltietara erabakiko litzateke, eta talde bakoitzak 6 aldaketa egin ahal izango ditu, hori bai, 3 txandatan, hau da hiru aldaketa bikoitz egin ahal izango dira.

Gogoratu behar dugu, partidarako sarrerak salgai daudela dagoeneko Kutxabankeko kutxazain berezietan eta baita Internet bidez ere (https://tickets.kutxabank.es/ES/description/?id=10884&site=984&b=1) 5, 15 eta 20 eurotan. Dagoeneko jendea hasi da animatzen hala ere oraindik sarrerak salgai aurki daitezke. Hurrengo egunetan Athletic-ek bere takilatan ere jarriko ditu salgai, Iraultza 1921 taldeak ere sarrerak salduko ditu eta zenbait tabernetan ere erosteko aukera egongo da.

Euskal Herriko Gizonezkoen Lehen Txapelketako Finalerako Sarrerak jada salgai

Sarrerak salgai

Datorren abuztuaren 12an Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian jokatuko da gizonezkoen Euskal Herriko Lehen Txapelketako finala eta bertan Athletic eta Alaves izango dira aurkari. Arratsaldeko 19:30tatik aurrera iazko lehen mailako derbietan puntu gehien batu zituzten bi taldeak izango dira berdegunean aurrez aurre.

Jose Angel “Kuko” Zigandak eta Luis Zubeldiak zuzentzen dituzten bi taldeen arteko partida honetarako sarrerak dagoeneko salgai daude. Hauek Kutxabank bitartez eskuratu daitezke, bai Internetez (https://tickets.kutxabank.es/ES/description/?id=10884&site=984&b=1)  eta baita kutxazain berezietan ere 5 (16 urtez azpikoentzat) 15 eta 20 eurotan. Guztira 7.100 sarrera daude salgai.

Gogoratu behar da diru etekinik balego hiru taldeen artean (Athletic, Alaves eta Euskal Herria Kirola) erabakiko dela diru horri zer nolako irteera eman, beti ere oinarrizko futbol, emakumezkoen futbola edo Euskal Herriko kirolariak aintzat hartuko direlarik.

 

Denboraldi berriko lehen euskal titulua aurkeztuta

Aurkezpena4

Uztailaren 13an aurkeztu zen Euskal Herriko gizonezkoen Lehen Txapelketako finala. Lasesarre futbol zelaiko berdegunean, abuztuaren 12an, arratsaldeko 19:30tatik aurrera finala jokatuko den tokian bertan izan ziren Jose Angel Iribar, Alfonso Churruca eta Kike Zurutuza, Athletic, Alaves eta Euskal Herria Kirolako ordezkariak hurrenez hurren final honen xehetasunak ematen.

Garaikurra eta txapela aurrean zuela, Kike Zurutuzak esplikatu zuen aurkezten zena “denboraldi berriko lehen tituluaren lehia” zela Euskal Herriko Gizonezkoen lehen txapelketa hau. Partidak ez duela luzapenik izango ere azaldu zuen eta berdinketa emanez gero “zuzenean penaltietara joango ginateke”.

Sarrerak 15 edo 20 eurotan erosi ahal izango dira (16 urtez beherakoek 5 euro bakarrik ordaindu behar dituzte) eta diru etekinik balego “hiru taldeen artean erabakiko da diru horri zer nolako irteera eman, beti ere oinarrizko futbola, emakumezkoen futbola edo Euskal Herriko kirolariak aintzat hartuta”.

Jose Angel Iribarrek, Athleticen ordezkari modura, ere hartu zuen hitza eta beraientzat ohorea zela esan zuen lehen final honetan parte hartzea: “euskal taldeentzat horren denboraldi bikaina izan den honetan Athletic lehen postuan ikustea benetan poztekoa da”.

Euskal Herria Kirolak antolatzen duen txapelketa hau beraz, martxan dago. Emakumezkoen kasuan berriz, zazpigarren finala jokatuko dute aurten, abuztuaren 27an Elgoibarren, Athletic-ek eta Realak.