VII. koparen Aurkezpena Donostian

VII. FUTBOL KOPA ABUZTUAREN 27-an ELGOIBARREN

Emakumezkoen Euskal Herriko Kopa indarberrituta dator aurten. Lehiaketak bere zazpigarren ekitaldia beteko du, eta parte hartzaile kopurua igo egingo da, sei talderi kabida emanez. Gainera, Ipar Euskal Herriko ordezkari bat egoteak nazio ikuspegia osatzea ere ekarriko du. Zehazki, Angeluko Genets, Gasteizko Aurrera, Mutiloako Mullier, Oiartzun, Reala eta Athletic izango dira txapelketan parte hartuko duten sei taldeak.Finala Elgoibarren izango da abuztuaren 27an.

Atzo Donostian egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez, final-laurdenetako bi kanporaketak apirilaren 8-9ko asteburuan jokatuko dira. Batetik, Mutilnovako zelaian Mulier eta Oiartzun neurtuko dira, eta partida horretako irabazleak Athleticen aurka jokatuko du finalerdia. Bestetik, Gasteizko Aurrerak eta Genetsek Agurainen jokatuko dute, eta neurketa horretako irabazleak Reala izango du zain. Finalerdiak ekainean jokatuko dira eta finala, berriz, abuztuaren 27an, Elgoibarren –kanporaketa guztiak partida bakarrera erabakiko dira eta ez da luzapenik egongo, 90 minutuak berdinketan amaituz gero penalti bidez erabakiko da irabazlea–.